2011/06/15

FELIX-BALTISTAN FUNDAZIOA

Alexen bidaiak badu helburu bat. Hainbeste kilometro egindako kotxea Matxulu herrian geratuko da, Felix-Baltistan Fundazioaren esku, hango bideetan zehar, umeak ikastolara eramaten laguntzeko. Euskal Herritik egun gogorrak errepidean pasatu ostean, atzo, Matxulurainoko bidea egin genuen guztiok, Alexi berotasuna emateko. Goizeko 05:00etan altxatu eta 06:00etan hemengo bidexkatan geunden, Alex (Mister klaxon) Carlos Sainz pilotoarenak eginez.
Matxulura heldu eta Fundaziok bertan duen aterpera joan ginen, eta berehala etxean bezala sentitu ginen. Euskaraz jarritako zenbait seinale eta izen ikusten ziren bertan, eta goiko egongela lasaia, inoiz ikusitako kartelez josita zegoen, batzuk ere, euskara hutsean. Hantxe agertu zitzaizkigun aurreko urteetan gure espedizioetan laguntzaile izan genituen, eta gaur egun fundazioaren kudeaketaz arduratzen diren Samser Ali, Ibrahim eta Rustam kideak. Haiek, besarkada haiek!
Heldu bezain laster hamaiketakoa eskaini ziguten eta eguneko plana azaldu. Aterpearen aurrean dagoen ikastetxera genuen lehen bisita. Bertan zeuden gure zain irakasleak zein ikasle txikiak. Guztiak uniformez jantzita doazen arren pairatzen duten miseria gorria nabarmena da. Mutilek alkandora urdina eraman ohi dute, eta neskek, burua eta lepoa estaltzen dizkien zapi luze zuria. Azken hauek oso lotsatiak dira eta nekez lortu daiteke irribarretsu bat edota argazki bat ateratzea.

Jasminek ostera, sudurrean apaingarri gisan zeraman lore horiari argazki bat ateratzeko eskatu nionean, baietz esan zuen. Ume guztiek good morning esan eta adi-adi entzun zituzten Samser Aliren azalpenak. Alexek jostailu batzuk banatu zituen geletan umeen poztasunerako. Une politak!

Geroago, Talis herrian, joan den urteko uholdeek egindako sarraskiaren tamaina eta uraren indarrak aurretik eramandako hainbeste etxe konpontzeko egiten ari diren lanak ikustera joan ginen. Etxe kalamastrak ikusten ziren nonahi, eta bertan gizon talde bat lan nekaezinean. Bazkari gozoa eskaini ziguten gero aterpean (tortilla eta guzti), Tamayok Fundazioaren historiaren laburpen bat eskaintzen zigularik. Samser Alik power point eder bat bota zigun gero, Fundazioaren nondik norakoak, proiektuak, oinarriak eta gaur egungo eta biharko eginbeharrekoak azalduz, eta Alexek ekarritako elkartasuna biziki eskertuz. Heziketa izan da herriak izan duen kezka nagusienetako bat. Horren aldeko lanaren lekuko lehen aipaturiko ikastetxea da. Turismo ekologikoaren aldeko apustua egin dute herriari bizitasuna emateko, bertan dauden inguruak oso ikusgarriak baitira. Beste aldetik, Felix Iñurrategi Climbing School ere badago, bertakoak, zama-eramaile eta eskalatzaile gisan trebatzeko. Laborantzan ere lan handia egin da bertako produktu nagusia, abrikota, suspertzeko eta behar bezalako atarramendua ateratzeko. Ikusgarriak izan ziren bertan burututako azpiegitura hidraulikoak ere. Azken urteetan, elurtzak txikiagoak izan dira eta uda aldean mendietatik jaitsi beharreko ura ahituz joan da. Ur-bonba bat ezarri behar izan zuten bailararen oinetan dagoen ibaitik ura gora ekartzeko eta hala, bertan dauden gari-sailak lehortzen ez uzteko, garia baita jende honek duen dietaren oinarri printzipala, txapatiak irina beharrezko du-eta. Biziki gozatu genuen atzoko eguna, gure lagunen berotasuna zela medio, eta Alex hunkituta lotu zen bere proiektuaren zati batek amaiera ezin hobea izan duelako.

1 comentario:

Josu Zabala dijo...

Bidaia polita egiten ari zarete gainera poz pozik ikuzten zaiuzue.
Aurrera zegi eta laister mendira.
Ondo pasa.
Josu Atxarre

BABESLEAK

BABESLEAK