2017/07/10

Katmanduko besarkadak

Juanitok luzatu zidan Ama Dablam mendira joateko aukera paregabea. Urte hartako udan Pakistanera joatekoa zen eta tartean altura pixka bat hartzeko, begiz jo zuen Ama Dablam. Aurreko urtean biak elkartu ginen Cho-Oyun, eta han bizi izandakoak batu gintuen betiko. Hartara baina, lau mendizale joan ginen: gu biok, eta Eneko Pou eta Alberto Zerain. Ni himalayismoan hasi berria, eta handienetako batzuekin juntatzekoa nintzen!
Sekulako eguraldi ona izan genuen, eta arin jarri genituen hornitu beharreko kanpamentuak. Bigarrenera heldutakoan, tontorrerako saioa egin nahi izan nuen nik, di-da. Albertok orduan esan zidan: “Dirudiena baino luzeago da mendi hau”. Eta halaxe izan zen, hurrengo egunean ezinean ibili ginen III. kanpamenturako bidean. Hala moduz pasatu genuen gauaren ostean, lehen argiekin azken gandorrari ekin genion. Enekok tripa aldrebestuta zekarren behetik, eta hotzarengatik amore eman behar izan zuen. Hirurok, gero eta kaxkarragoa zen eguraldipean, gorantz segitu genuen. Halako batean, ekaitza gainean zegoela jabetu ginen. “Txo, izoztuta nago. Behatu zelako marroia datorkigun” esan nion Juanitori. Bera ere buelta hartzekotan zegoen, urduri. Orduan, zerbait harrigarri gertatu zen. Albertok, lainopean, izotzezko ertz fin batean zintzilik, “neu tontorrera noa” esan zigun lasai-lasai.
Hartan, Albertoren ahalegin eta lasaitasunari esker zapaldu genuen Ama Dablam mendi ederraren tontorra, eta beti eskertu izan diot bere motibazioaren gaindosia.
Geroago, Pakistanen ere elkartu ginen, eta kanpamentu nagusitan barre algara ederrak bota genituen elkarrekin. Espedizio bakoitzetik etortzen zen guztietan deitu egiten nion (zeure deiaren zain nengoen ziostan), neuk zoriontzeko, eta  berak mendi horretako datuak eta abar kontatzeko.

Katmandun elkar besarkatu genuen joan den maiatzean, Annapurnatik bueltan. Katmandun ikusi nuen azken aldiz, mantra betierekoak haizatzen dituen herri miresgarriaren bihotzean. Agian, herri horretako mendi erraldoietan ikusiko dut hurrengo batean.





BABESLEAK

BABESLEAK