2008/05/05

Kronika



Glaziarrak etengabe egiten du eztul, gau eta egun, eta horrek gogorazten digu zer eremu latzetan ibiltzen garen.
Izotz-jausia zeharkatu dugu zenbaitetan goiko isiltasun bailarara iristeko. Lehen kanpamentua jarri genuen joan den astean eta bertan ere lo egin genuen. Beno, lo egin ez. Gau osoa ibili zen harrotuta eta haserre izotzetako haizea eta denda astindu zuen dezente gau osoan zehar, beraz, lo gutxi eta ardura handirekin etzan ginen lo zakuetan.
-8º adierazten zuen denda barruan termometroak, eta dardar bakoitzean, eguzkia gero eta gertuago geneukalako esperantza handituz zihoan. Argiarekin batera haizea ez zen moteldu eta hoza ere ez zen eztitu baina hala ere bigarren kanpamentura abiatu ginen. Toki hau, II. kanpamentua, gozoagoa da altuago dagoen arren (6350).
Hantxe bi gau eman ditugu aklimatatzeko eta egun politak izan dira, Everest erraldoietik askoz hurbilago baikaude. Orain aurrez-aure begiratu ahal diogu mendi handiari.

Gaur, apirilak 29, kanpamentu nagusian gaude berriz, deskantsua hartzen, harik eta bestaldetik, txinatarrek tontorra egiten duten arte. Egon beharko gara hemen egun batzuk derrigor, aspertzen, inguruari begira eta burua prestatzen goian daukagun lanari ekiteko.
Seguruenik datorren astean berriz igoko gara bigarren kanpamentura eta handik hirugarren eta laugarren jartzen saiatuko gara. Beraz, altura handitan ibiliko gara. 7000 metrotik gora.
Hemen ondo gaude. Pasang da gure sukaldaria eta mimatzen gaitu. Kursam, Pemba eta besteak ere aritzen dira inguruan zer nahi dugun begira.
Hiri txiki bat da glaziarra. Ez dakigu zenbat jende egongo den, asko, alpinista kanpotar asko dago eta hauekin batera, beste horrenbeste egongo da sukaldari, sherpa, laguntzaile eta abarren artean. Jende hau gabe ezinezkoa litzatzeke hemen bizitzea, hemen girotzea.
Ice fall horretan ere sherpa batzuk egoten dira gora eta behera bidea markatzen eta atontzen, glaziara animalia baita eta disimulorik gabe egunero aurreratzen da pixka bat, beherantza, balizko itsaso batera irtsi nahian, errekak bezala. Hau dela-eta bloke handiak mugitzen dira eta bidea oztopatzen dute. Horretara doaz sherpak, bidea berriz zabaltzera, eskailerak jartzera eta pasabideak seinalatzera. Lan eskerga da hauek egiten dutena, eta hauek gabe ere oso nekosoa litzateke goraino iristea.

Goizero zabaltzen ditut begiak zerurantz. Urdinaren urdinaz blaitzen naiz. Neurribakotasuna gogorarazten didate hemengo goizek, txiza dendatik kanpo botatzen dudanean.
7:30ean eguzkiak horiztatzen dizkit denda, begiak eta nagitasuna. Kursam tearekin etorri artio geldi egoten naiz, pentsamenduz pentsamendu, eta dendako oihaletik izozezko kristal ttipiak jausten zaizkit aurpegira.
Ordu erdi pasatutakoan, dena ur, altxatzen naiz argi itsugarrirantz urdinaren neurribakotasunak txikiagotzen nauela,
Eta txikia naiz, naiz oso txikia, eta urdina, eta neurribakoa, eta berriz txikia, batez ere txikia.

Detaileak
• Gauean elauso itzelak jausten dira inguruan. Gauean, guk begiak itxita ditugula. Azalak soilik sentitzen ditu lurrikara txikiak.
• Glaziarrean zehar ibili garen guztietan tximeleta marroiak ikusi ditugu harat-honat. Badoaz? Badatoz berotasunarekin? Beti zuriaren gainean? Batzuetan izoztu egiten dira eguzkiak epeldu arte.
• Glaziarra nahiko kaotikoa da. Geroa eta gutxiago gustatzen zaigu. Pitzaduren gaineko eskalera larregi zeharkatzen dugu.
• Eztarriko mina ez zaio osorik kentzen Juanrari, Goitik handiago ekartzen du beti. Jordik zartatuta ditu ezpainak.
• Lainotuta dagonenean, zuri-beltzezko arratsaldeak izaten dira. Geu ere zuri-beltzak.
• Hemengo txori batzuk larrosak dira. Gris eta zuriaren arteko kolorea ote da larrosa?
• Hilabetea pasatu da etxetik atera ginenetik. Arin iragan da?

No hay comentarios:

BABESLEAK

BABESLEAK