2010/04/19

Madariagak eta Etxegoienek eskuratu dituzte Espainiako Kritikaren Sariak

Madariagak eta Etxegoienek eskuratu dituzte Espainiako Kritikaren Sariak

'Eroriaren logika' poema bilduma eta 'Autokarabana' nobela saritu ditu Espainiako Kritikarien Elkarteak

Irune Berro.

Juanra Madariagak eta Fermin Etxegoienek lortu dituzte aurten Espainiako Kritikaren Sariak. Eroriaren logika poema bildumagatik (Susa) saritu dute Madariaga, poesiaren arloan. Etxegoienek, berriz, Autokarabana nobelari (Pamiela) eskerrak lortu du saria, narratibaren arloan. Espainiako Literatur Kritikarien Elkarteak ematen ditu sariak.

Madariagaren Eroriaren logika egilearen beraren garapenaren emaitza dela esan du Javier Rojok, Espainiako Kritikaren Sarien epaimahaiko kideak -euskarazko obrak aztertzeko eta hautatzeko ardura du mahai horretan-. «Estetizismo formaletik urrundu eta irudien eta ideien kontrajartzean sakondu du Madariagak lan horretan», Rojoren arabera.

Iazko ekainean eman zuen argitara Juanra Madariagak (Bilbo, 1962) Eroriaren logika poema liburua, bere ibilbideko zortzigarrena. Liburu hartako poemak errealismoarekin bat eginez ondu zituen idazleak, denboraren iragateak pertsonen nortasun eta bizimoldean daukan eraginaren inguruan gogoeta eginez.

Erortzearen logika altxatzearen logika dela uste du Madariagak. «Denok daukagu barruan logika bat erortzeko une horietatik ateratzeko, altxatzeko eta aurrera egiteko». Logika hori denborari estuki lotua dela uste du, halaber. «Denboraz hitz egiten dugunean konturatzen gara zer garen eta nora goazen. Norbaitek esana da: geratzen zaigun denbora gara. Horretaz konturatzen garenean hasten gara altxatzearen logika aplikatzen», azaldu zuen Madariagak BERRIAri emaniko elkarrizketan.

Bestalde, Etxegoienen Autokarabana «egungo gizartearen erretratu leiala da», Rojoren esanetan, «modu ironiko eta desmitifikatzailean idatzirikoa».

Fermin Etxegoienen (Oñati, Gipuzkoa, 1966) lehen nobela da Autokarabana -2004an, Neurona eta zeurona saiakera (Pamiela) kaleratu zuen-. Herri bateko kooperatiba batean lan egiten duen gizonezko bat da Autokarabana-ko protagonista, familiaren, kooperatibaren eta aberriaren inguruan dituen gorabeherek bizi dutena. Elias Aldasoro du izena, eta haren bizipenetan dago oinarritua nobela. Erritmo bizia du. Eta idazkeran ere badu berritasunik, kontaketa moldea hautatzean, Etxegoienek «asmo antiesperimentala» izan zuen arren. Elkarrizketek, esaterako, gidoirik ez dute, «irakurzaletasunaren alde». Kritika onak jaso ditu liburuak; berritasuna eta ausardia nabarmendu dituzte aditu askok.

Katalanez, Miralles eta Seres

Katalanezko literaturari dagokionez, Carles Mirallesen L'ombra dels dies roja poema liburua eta Francesc Seresen Contes russos nobela saritu dituzte. Galizierazkoan, berriz, Luz Pozoren Deter o día cunha flor poema bilduma eta Xabier Quirogaren O cabo do mundo nobela gailendu dira. Gaztelaniazko literaturan, Fámulo eta El viajero del siglo, Francisco Ferrer Lerinen poema bilduma eta Andres Neumanen eleberria nabarmendu ditu Kritikarien Elkarteak.

2 comentarios:

Unknown dijo...

Kaixo, Juanra:
Zorionak, lehenbizi, sariarengatik. Mendian sentitzen den benetakotasuna (halakorik gelditzen bada) ea segitzen duzun papereratzen hortik itzultzean.
Delhiko Transit-ean ikusi zintuztedan, ilusioz beterik, mendi-gosez. Kosta egin zitzaidan ezagutzea, baina izenez ez ezagutu arren, banekien Susan poema-poema liburu pare bat idatziak zenituela. Ez nekien, ordea, altura horietara igoa zinenik.
Petate-galeratan esperientzia pixka bat dudanez --Kathmandura joan naizen 4 aldietatik bitan galdu didate petatea neuri edo nirekin zihoan beste norbaiti--, aholku bat ematera ausartzen naiz, niri aurten oso mesedegarria izan zaidana. Ez bidali petate nabarmenik --mendiko material garestia barruan daramala adieraz dezakeenik--, bidali zure gauza guztiak maleta arrunt batean. Nire teoria da --eta oker egon naiteke, baina %50eko probabilitatean du oinarri-- petate horiek --gero sekula agertzen ez diren horiek-- Delhin edo Kathmandun nahita "desagerrarazten" dituztela, lapurtu alegia. Beraz, hobe barruan doana pixka bat disimulatzea.
Besterik gabe zorterik onena opa dizut, zuri eta zurekin batera doazen guztiei. Onik itzuli eta (ahal bada) helburuak beteta.
Ondo izan eta ikusi arte.
Xabier Olarra
igela argitaletxea

Javier Elgezabal, Inazio Ortega, Eladio Ortega dijo...

Zorionak hi! Aupa Bilbao eta zuek! Ondo izan eta ikusi arte. Zorte on opa dizuegu!

BABESLEAK

BABESLEAK