2013/07/01

NANGA ETA MINA

Igor Svergun, Chung-Feng Yang,… Ez zaizkit burutik kentzen.
Urte dezente ematen duzu ilusioa dena amets bilakatzen, eta beste horrenbeste errealitate bihurtzen. Abagune hori heltzen denean, abentura eder baten aurrean zaudelako sentsazioa izaten duzu. Agian zure bizitzako unerik ederrenetakoak gozatzeko okasio izango duzu; agian inoiz ahaztuko ez dituzun hodeiertzik neurribakoenak ikusiko dituzu; agian bakea eta askatasuna zer diren jabetuko zara. Agian.

Himalaiarako espedizio bakoitza ametsa da, ilusioa da, bizipen ikaragarria, gizakiago egiten zaituen pertzepzio berezi bat; bizitza egoerarik basatienean, bizitza purua, nolazpait.

Horregatik, ezin dut burutik kendu Nanga Parbat mendiaren kanpamentu nagusian mendizale batzuekin gertatu den sarraski bortitza, hilketa programatua. Amets baten bila joan ziren eta heriotzaren haginkada hotza hartu dute. Lehen aldia da mendizale batzuen kontra horrelako atentatu planifikatua egin dela. Eta damu gaitzik, ez da azkena izango.


Duela urte bi zortzimilako honetara joateko aukera izan nuen, baina aro hartan ere kalapita dezente zegoenez (tartean Osama bin Laden hil zuten), toki hari bisita ez egitea ebatzi genuen, nahikoa arriskuri egin behar baitiogu aurre mendian bertan, herri bateko egoera sozio-politiko beldurgarrian sartzeko ere.

Beste urte batean ere handik agertu ginen, eta Islamabad hiriburuko hainbat taberna edo jatetxe bisitatu genuen, hiri horretan ibili ginen bitartean. Horietariko baten kontra, lehergailu kantitate hilgarriz, atentatu bat burutu zuten hurrengo urtean. Ez dakit libratu garela esan behar ote dugun, baina tristura eta inpotentziaren antzeko sentiera daukat honekin guztiarekin. Eta sentitzen dut Pakistan herriari eta hantxe ditugun lagunei, bolada luze baterako, agur esan beharko diegula. Tristuraz esan ere.

Alpinista horien egoera imajinatzean, esperpentoaren dar-dar moduko zerbaitek kurritzen du nire azala.

Horrexegatik, ez zaizkit burutik kentzen: Dmitry Konyaev, Badawi Kashaev, Peter Sperka, Anton Dobes, Ali Hussain, … , ez zaizkit burutik kentzen.

No hay comentarios:

BABESLEAK

BABESLEAK