2013/06/19

(JOAN DIREN) LAGUNAK (II)

Ez dut ondo gogoratzen goiz hura. Agian, ahuldura arraroa izan zen sentitu nuena. Egun hura deskantsurako izango zela ebatzi genuen, baina ni ezinegonak jota nengoen, eta alturan girotzeko abagune gutxiago izan nuenez, III. kanpamendurainoko bidea di-da batean egitea deliberatu nuen. Bakarrik abiatu nintzen, neurean joan nintzen.

Lhotseko horma izozturik abiadura handian erortzen ziren harriek beldurtu nindutela dut gogoan. Horrelako harri desorientatu batek joz gero, hilda zaude. Seguruenik beste inoiz baino gehiagotan pentsatu nuen heriotzan.

Oso arin egin nuen igoera, gorantz metroak jan ahala indartsu sentitu nintzelako edo. Jaitsiera askoz arinago izan zen, eta bazkalorduan lagunekin batu ahal izan nintzen berriz. Arratsaldean ere, apika, heriotzarekin gogoratuko nintzen, lo-kuluxkan tarte oniriko desatseginak izan bainituen.

Ilunabarrak, ostera, bere kolore distiratsuekin, hotza ekarri zigun dimentsio osoan. Ondoan nuen Greek lagun poloniarra walkie-talkierekin ari zen berbetan, eta bi hitz ulertu nizkion: Bolotov eta dead. Alexei Bolotov, nire laguna, hilda?

Gau hartan ez nuen lorik egin itotzen ninduen asfixia zela kausa, eta hurrengo guztietan ere ez.

Juanjo Garra hilda egongo zela pentsatu nuen goiza oso ezberdina izan zen. Goizeko bostetan hasi ginen oinez Pangbochetik Syangbochera. Lehen ordu haietako argitasunak asko lasaitu ninduen, eta are gehiago, Debochera heltzeko zeharkatu behar izan genuen basoa ikusi nuenean. Berdetasun ilunean lore zuri handiak lehertzen ziren kolore biziz.

Une horretan pentsatu nuen ezinezkoa zela heriotzaren inpaktu gehiago sentiaraztea. Naturak eskaintzen zigun bere eremu idilikoetan geure baitako arimarekin batzeko giltza. Hainbeste hotz eta izotz ikusi ostean, udaberriaren metamorfosia itzela zen paraje hartan.

Abstrakzio hau mila zatitan hautsi zidan errealitateak. Gaueko infernua ezin izan zuen Juanjok pairatu eta Dhaulagiri mendian lotu zitzaigun betiko.

Goiz bi horiek, lagun bi horiek bezala, halabeharrez, ezin izango ditut inoiz ere ahaztu.


No hay comentarios:

BABESLEAK

BABESLEAK