2015/02/24

DIMENTSIOAK


Ez ditugu denboraren dimentsioak ezagutzen, eta halarik ere, bera neurtzeko eta kuantifikatzeko moduak topatzen ditugu beti. Luzea edota laburra esanez definitu nahi dugunean, bere joanari buruz ari gara mintzatzen. Egia da edozein zaldik baino arinago egiten duela ihes denborak, baina burbuila handi bat da non dena kondentsa daitekeen.
Zer pentsatuko du bestela, Alex Txikon alpinistak? Duela hilabetea atera zen etxetik Nanga Parbat mendia igotzen saiatzeko, eta denboraren ordu, egun eta aste hauen guztien ostean, aldapan gora segitzen du, mendiari koskak janez, urratsez urrats, lepoa gorantz tinkaturik, tontor eskuraezina non egongo ote den galdezka.
Harrigarria da batzuentzat gizakia nola tematu daitekeen denbora-iragaite batean mendi bateko puntara igotzen, bere denbora malapartatzen, lipar txiki bateko sentsazio ia estralurtarra azal osoan kurritzeko. Batzuek hala bilatzen dute bizitasuna, bizitzaren arimari gorazarre egiteko.
Datorren astean hilabetea egingo du kanpamentu nagusira heldu zela. Orduz geroztik, 6.700 metrora arte igo da lagunekin, oihalezko dendatxoak jartzeko, habia txiki bat osatzeko izotz, elur eta haize bortitzen menpe. Metro asko dute aurretik azken erpineraino heltzeko, eta horregatik kirioak dantzan ibiliko dira, mendiaren apetak ez dituztelako ezagutzen. Ez baitakite zenbaterainoko indarrez joko duten afrontuak ekarriko dituen haizeek; ez baitakite zenbat metroko geruza osatuko duten atertu barik jausiko diren elur-malutek; ez baitakite zenbaterainoko gogortasuna gordeko duen izotz zahar labaingarri beltzak; ez baitakite, finean, denboraren dimentsio berri horrek zer ekarriko dien.
Dena dela, zorteko eta asebete daude, eta zorioneko ere bai, izan ere, Pakistango Nanga Parbat mendian, neguan eta Kinshofer bidean, inoiz lortu den altuerarik garaiena baita eurek jarritako marka.
Baina datozen egunotan, neguko eguraldi txarrak bere baldintzak ezarriko ditu berriro. Neguaren mugak eta dimentsioak ere ez ditugu ezagutzen, ez baitago, denborarekin gertatzen zaigun bezala, bera kuantifikatzeko modurik.

No hay comentarios:

BABESLEAK

BABESLEAK