2013/03/12

POLONIARRAK

Nie tracimy nadziei erabiltzen da polonieraz, ez galdu itxaropena adierazteko. Hori irakurri nuen duela egun batzuk Karakorumeko Broad Peak mendira igotzen saiatzen ari zen Poloniako taldearen webgunean. Ez dugu itxaropena galtzen, zioten kanpamentu nagusian zeuden kide tristeek.
Gizakiaren pasioak ez du mugarik, eta mendiak igotzeko grina ez da ezertan ere ezberdintzen. Batzuek pasio horren indarra azken muturreraino eramaten dute, eta hori dela eta, mendiaren baldintzak ere kontuan hartzen dira. Negua da eremu orotan sasoirik bortitzena gizakiarentzat. Mendietan zer esanik ez.

Munduko mendirik altuenetako batzuk ez dira inoiz neguan igo, bertako tenperatura hotzek izaki guztien bizimodu arrunta galarazten baitute, baina halarik ere, hotzetan zaildutako gizaki batzuek haraino joateko deia aditzen dute inoiz.


Azken urteetan saio bereziak izan dira mendikaterik altuenetan, digante horiek urte-sasoi horretan menderatzeko. Tentaldi askoren egileen identitatearen atzean poloniarrak egon ohi dira. Horienak dira neguko Himalaian lorturiko primizia horietariko batzuk: Everest (1980), Manaslu (1984), Dhaulagiri eta Cho Oyu (1985), Kangchenjunga (1986), Annapurna (1987), Lhotse (1988), Shisha Pangma (2005), Gasherbrum 1 (2012) eta azken hau, Broad Peak (2013).

Karakorumeko mendiak omen dira gaitzenak igotzen neguko giropean. Izan ere lurralde horretan dauden bostetik bi baino ez dira igo, eta bietan, tragediaren zapore mikatzak jantzi ditu espedizioak. Bietan, alpinista prestu eta eskarmentudunak zendu dira.

Joan den urtean, Alex Txikon neguko igoaldia egiten saiatu zen Pakistango Gasherbrum I mendian. Ekaitzaren beso luzeak baina, aurretik eraman zituen Gerfried, Nisar eta Cedric ezagunak, betiko desagerraraziz.

Aste honetan antzekoa jazo da Broad Peak mendi ederrean. Maciej Berbeka eta Tomasz Kowalski tontorra zapaldu ostean, beherantz zentozela, gauak harrapatu zituen babesik gabe, eta desagertutzat ematen dute bikotea. Ez dago gizakirik, -35 gardutan gau bat igaro dezakeenik. Baina, nie tracimy nadziei.

No hay comentarios:

BABESLEAK

BABESLEAK