2012/09/17

139 METRO

Bai, 139 metro baino ez. Batzuetan asko dira; altura dezente bilaka daitezke bat-batean, baina bi mila metroko mendi-horma batean, gutxi dira. Horixe da hain zuzen ere, munduko 8000 metroko menditzarren artean Nuptse mendia kokatzeko koska. Nuptsek 7861 metro ditu eta handienaren begiradapean bizi da; Everesten magaletik begiratzen du gorantz baina gutxika hasten bada ere nekez helduko da altura mitiko horretara, 139 falta zaizkiolako.


Baina handienen artean kokatzerik ez badauka ere, ederrenetako bat bada. Namche Bazaar Nepalgo herritik begiratuz gero, bere harrizko eta izotzeko beso zorrotz eta luzea zabaltzen du Everest ikaragarriari zati bat ostendu nahian. Hurbildu ahala, bi mila metroko isuriak estaltzen zaitu. Forma geometrikoak, ibilbide onirikoak asmatzen dituzu bere estratu mineralezkoetan, bere izotz labainkorretan, kamustu gabeko bere ertzetan.

Kala Patthar tontortxoak eskaintzen duen balkoitik begiratuta ostera, Everest mendiak duen alturak harritzen zaitu, baina Nuptseren edertasunak erabat txunditu. Zorrotzenetan zorrotzenetakoa baita hemendik ikusita.

Udazkenean erakargarri egongo da, batez ere haren labirintoetan murgiltzeko gogoz abiatzen diren mendizale zailduenentzat. Alberto Iñurrategi, Mikel Zabalza eta Juan Vallejo izango dira mendi isilari bisita egingo dion hirukotea.

Hego isuri aldetik, antzinako mendizale famatuen bidetik joko dutelakoan daude, baina mendiak egiten dien harreraren araberan garatuko da espedizioa, altura horretan bermatu egin behar baitira eskalada behar bezala burutzeko baldintzak, elurrarenak eta izotzarenak zein eguraldiarenak ere.

Hau irakurtzen ari zareten bitartean, eurak eraman beharreko motxilei azken ukituak ematen egongo dira, bihar bertan baitira abiatzekoak. Katmanduko kale zorabiagarrietatik egun batzuk eman ostean, Sagarmathara doan Solu Khumbu bailaran barna gerturatuko dira begiz jotako mendira, bere gailur printzipaleraino sei aldiz baino igo ez den mendira. Gero gorputza oxigeno faltara girotu eta azkenik, 139 metro horiek… deszifratzen saiatuko dira.

No hay comentarios:

BABESLEAK

BABESLEAK