BABESLEAK

BABESLEAK

2014/01/21

2014/01/16

ALASKA BRUTAL

2014/01/08

POUTARRAK

Iker eta Eneko Poutarrak, Baraia, neu eta Alex Honnold guri begira flipaturik!

2014/01/07

MENDI GUZTIAK

Joan den hilean munduko mendi guztiak bildu ziren Bilbon. Mundu-bazter orotako pendiz eta malda pikoak, horma zutak, erreka burrunbatsuak, oihan lanbrotsuak, izotz urdinak, elur zuriegi eta bigunegiak, ertz malkartsuak, desertu betierekoak,… horiek guztiak, astea pasatzera etorri dira Bilbora, Bilbao Mendi Festival prestigiodunak gonbidatuak. Eta toki horietan guztietan murgildurik bizi diren gizon-emakumerik zailduenak ikusi ditugu, giharrak tinkaturik, hodeiertzaren marra hipotetikoari begira, bizi-tzak luzatu dien grina muturreraino eramateko prest. Begiak zabal-zabalik izan ditugu Petit bus rouge filmeko kideekin. Pailazoak, highliner-ak, BASE jauzilariak, maila altuko kirolari indartsuak,…; guztiak dira bat absurdoaren airea irensteko eta bizitzaz gozatzeko. David Lama eskalatzaile txikia ere gurera hurbildu zen Cerro Torre mendi magikoaren gaineko filma aurkezteko: Cerro Torre: A Snowball's Chance in Hell. 1959an, Maestrik zeharkatu zituen goiko horma ezinezkoak iltzeak eta iltzeak jarrita. Orain Davidek era librean egin daitekeela erakutsi digu irudi harrigarriekin. Ni, Stefan Glowacz, Kurt Albert eta Holger Heuber alpinistek protagonizatzen duten Roraima, climbers of the lost world lanak hunkitu ninduen. Filma grabatzen ari zela, Kurt Albert, munduan egon den eskala-tzailerik handienetako bat, zendu zen. Hazel Findlay neska eskalatzaile gogorraren hitzek ere astindu gintuen. Bizitzaz, ametsez, bizi behar dugunaz eta benetan bizi dugunaz. Distilled, Cascada edo Art of freedom izan dira ikusi gabe ezin gera daitezkeen beste titulu batzuk. Azkenik aipatu behar da Beyond the Edge filma (irabazlea), non Leanne Pooley zuzendariak, Edmund Hillary eta Tenzig Norgay bikoteak Everest mendian burutu zuen balentria hura narratzen den. Baina mendizaleon jaialdi honek badu beste balio handi bat: bizirik sentiarazten gaituen mundu horretako lagun zoroak berriz ikusteko eta besarkatzeko abagunea eskaintzen du. Horra hor Denis Urubko (Alexei hil ostean ikusi gabe neukan), Iker eta Eneko Pou, Alberto Zerain, Juan Vallejo, Jabi Baraiazarra, Erlantz... Begietan, bizitzarekiko eta mendiarekiko lilura bera gordetzen duten lagunak.