Alex Txikon, Nanga Parbateko behe kanpalekuan daude iragan
urtarrilaren 25az geroztik. Eguraldia eta Lemoako alpinistaren osasuna (Chilaaseko
geldialdiaz geroztik sabeleko gaitzak ez dio atsedenik eman) noiz hobetuko zain
dago taldea ganoraz lanean hasi ahal izateko.
Islamabadetik urtarrilaren 20an abiatu eta Karakorum
Highwaya poliziek eskoltatuta osatu ostean, Alex Txikon eta bere laguntza
taldea urtarrilaren 21eko eguerdi aldera iritsi ziren Chilaas herrira,
asteazkenean. Hain justu, bertan elkartu ziren Ali ‘Sadpara’ eta Muhammad Kan
espediziokide pakistandarrekin. Chilaasen egindako bi eguneko geldialdiak
betebehar burokratikoak kitatzeko balio izan zuen batetik (bisita turismo
ordezkariari eta bisita polizia buruari), baita kargekin eta zamalariekin
lotutako guztia konpontzeko, eta baita
gaixotzeko ere: orduz geroztik, sabeleko minak nahiz goragaleak ez diote
atsedenik eman Txikoni. Gaitzak nabarmen zaildu dio behe kanpalekura arteko
hurbilpen ibilaldia, baina laster osatzea espero du. Izan ere, honako hau ez
da, inondik inora, Pakistanen halako zerbait nozitzen duen lehenengo aldia, eta
jakin badaki egun batzuetan garbi jan eta pazientziaz jokatzea besterik ez
zaiola geratzen.
No hay comentarios:
Publicar un comentario