2016/11/02

JUNKO


Azaroan izan zen, baina duela dozena bat urte. Garai hartan, BBK-k antolatzen zuen Mendi Astea Euskalduna Jauregian, eta garai epiko eta erromantikoetako pisuzko protagonistak etortzen ziren. Arratsalde batean hantxe izan ziren Edurne Pasaban eta Juanito Oiartzabal ere, Al filo de lo imposible saioko zuzendaria zen Sebastian Alvarorekin batera. Hitzaldia amaitutakoan lagun guztiak bildu ginen bazter batean entzundakoa komentatzeko eta ahaztuta geneukan besarkadaren bat emateko ere. Hantxe egokitu zitzaidan, nire ondoan, emakume japoniar txiki bat. Elkarri begiratu eta “hello” esan nion, berak buruarekin kortesiazko keinua egiten zidan bitartean. Berriz begiratzean “I´m Junko” esan zidan. Neuronen arteko sinapsia lehertu zen nire buruan: “Junko? Junko Tabei?”, nik flipaturik, eta berriz, buruaren keinuaz batera, “bai”, berak.
Apaltasuna eta lasaitasuna zerizkion Everest mendia eskalatu zuen lehen emakume aitzindari haren begiradari, eta hala gogoratzen dut nik bederen, minbiziak eraman duen aste honetan.
Unibertsitatean zegoela Japoniako Ladies Climbing Kluba antolatu zuen, eta 1970ean, Annapurna III (7.555 m) igo zuen linea berri batetik. Bost urte geroago, Emakumearen Nazioarteko Urtea izendatu zuten hura, eta Nepalek 15 emakumeren espedizio bati Everest altuena eskalatzeko baimena luzatu zion. Ez zen espedizio erraza izan. Elurrolde batek kanpamentu bat arrasatu zuen, baina arazoak arazo, zorioneko eguna heldu zen, eta Ang Tshering sherparekin batera, 1975eko maiatzean, punturik gorenera zapaldu zuen Junkok. Lehen gizonak munduko mendirik altuena zapaldu eta 22 urte beranduago, Everestera igo zen lehen emakume bilakatu zen.
Harrezkero, bere bizitza eta mendia ezinbestez uztartu ziren, eta munduko herrialde bakoitzeko mendirik altuena igotzeari ekin zion. 2008ra arte (proiektua abandonatu behar izan zuen unean), munduko 56 herritako tontorrik garaienak eskalaturik zituen.

Duela lau urte minbizia diagnostikatu zitzaion, baina halarik ere, uda honetan Fuji mendian izan zen azken aldiz. Bizitza eta mendia, eskutik.

2016/10/10

ZERAS MUTANTEA


Gizakiaren boterea neurtezina da. Sufrikarioari aurre egiteko makinak gara, buruz eta gorputzez, arimaz eta giharreriaz. Aspaldian ezinezkoa zirudiena, gaur eguneko erronka bilakatzen da energia estratosferikoa duten gizaki apur batzuentzat. Egunetik egunera, ultramaratoi ezinezkoak, kilometro luzeetako lasterketa gogor eta suntsitzaileak, itsas-zeharkaldi itogarriak, mendi eskalada arin eta boteretsuak egiteko gaitasuna badugula deskubritzen ari gara. Gizakiak ez du neurririk munduko espaziorik arrotzenetan ibiltzeko, ez eta dimentsio horietan bere burua neurtzeko beldurrik ere.
Kilian Jornetek Everest mendia korrikan edo modurik eta arinenean igo nahi zuen uda honetan, eta eguraldi aldrebesak atzera bota badu ere, berriz saiatuko dela esan du. Hurbilago etorrita, gurean ba ote dugu ahalmen fisiko ikaragarria erakusten duten euskal kirolaririk? Bada, bai. Alberto Zerain “Zeras” gasteiztarra da horietako bat.
Aste honetan munduko mendirik altuenetako bateko gailurrean izan da: Manaslu (8.163 m). Handienen bilduma polita burutzen ari da Zeras, azken hau bere bederatzigarren zortzimilakoa izan baita. Bere lehen espedizioan Everest igo zuen, eta hala, tontor horretan lehen arabarra bilakatu zen. Ostean Makalu, Lhotse, Gasherbrum I eta II, K2, Kangchenjunga eta Dhaulagiri (joan den udaberrian) kateatu zituen, eta kasu guztietan azken kanpamendurik jarri gabe, edota bakarrik gorako ahaleginetan. Hamalau horietarik Broad Peak, Nanga Parbat, Shisha Pangma, Cho Oyu eta Annapurna faltako zaizkio lorearen petalo guztiak lortzeko.

Manaslun erakustaldi bikaina egin du. Mendiari linea berri batetik mokoka hasi zitzaion, baina elurtza handiek desagerrarazi zituzten goian paraturiko denda eta barruko material guztia. Bi eguneko atsedena hartu eta bide normaletik ekin zion gero. Hiru egunetan egin du joan-etorria. Luze jo zuen azken erpinerainoko bultzadak, eta ia eguzkia ostentzen hasia zela heldu zen azken punturaino, haize bortitz eta hotz handiarekin. Albertoren boterea neurtezina da, eta bera alturan bizitzeko gizaki  mutantea. Zorionak!

2016/10/05

GAUR

Gaur bezalako egun batean. Jaumerekin tontorrean geunden. Lilura bertan hasi zen.





2016/10/04

2016/07/14

HORTIK GORA


WOPeak taldea, Juan Vallejo, Mikel Zabalza eta Alberto Iñurrategi, GII mendiko gailurrera 1975ean frantsesek irekitako bidetik abiatuko dira modu alpinoan. Animo!

1975 (S Ridge-E Ridge) Marc Batard eta Yannick Seigneur.

BABESLEAK

BABESLEAK