Gizakiaren boterea neurtezina da. Sufrikarioari aurre
egiteko makinak gara, buruz eta gorputzez, arimaz eta giharreriaz. Aspaldian
ezinezkoa zirudiena, gaur eguneko erronka bilakatzen da energia estratosferikoa
duten gizaki apur batzuentzat. Egunetik egunera, ultramaratoi ezinezkoak,
kilometro luzeetako lasterketa gogor eta suntsitzaileak, itsas-zeharkaldi itogarriak,
mendi eskalada arin eta boteretsuak egiteko gaitasuna badugula deskubritzen ari
gara. Gizakiak ez du neurririk munduko espaziorik arrotzenetan ibiltzeko, ez
eta dimentsio horietan bere burua neurtzeko beldurrik ere.
Kilian Jornetek Everest mendia korrikan edo modurik eta
arinenean igo nahi zuen uda honetan, eta eguraldi aldrebesak atzera bota badu
ere, berriz saiatuko dela esan du. Hurbilago etorrita, gurean ba ote dugu
ahalmen fisiko ikaragarria erakusten duten euskal kirolaririk? Bada, bai.
Alberto Zerain “Zeras” gasteiztarra da horietako bat.
Aste honetan munduko mendirik altuenetako bateko gailurrean
izan da: Manaslu (8.163 m). Handienen bilduma polita burutzen ari da Zeras,
azken hau bere bederatzigarren zortzimilakoa izan baita. Bere lehen espedizioan
Everest igo zuen, eta hala, tontor horretan lehen arabarra bilakatu zen. Ostean
Makalu, Lhotse, Gasherbrum I eta II, K2, Kangchenjunga eta Dhaulagiri (joan den
udaberrian) kateatu zituen, eta kasu guztietan azken kanpamendurik jarri gabe,
edota bakarrik gorako ahaleginetan. Hamalau horietarik Broad Peak, Nanga
Parbat, Shisha Pangma, Cho Oyu eta Annapurna faltako zaizkio lorearen petalo
guztiak lortzeko.
Manaslun erakustaldi bikaina egin du. Mendiari linea berri
batetik mokoka hasi zitzaion, baina elurtza handiek desagerrarazi zituzten
goian paraturiko denda eta barruko material guztia. Bi eguneko atsedena hartu
eta bide normaletik ekin zion gero. Hiru egunetan egin du joan-etorria. Luze jo
zuen azken erpinerainoko bultzadak, eta ia eguzkia ostentzen hasia zela heldu
zen azken punturaino, haize bortitz eta hotz handiarekin. Albertoren boterea
neurtezina da, eta bera alturan bizitzeko gizaki mutantea. Zorionak!
No hay comentarios:
Publicar un comentario