2016/11/28

2016/11/16

2016/11/14

2016/11/08

2016/11/02

JUNKO


Azaroan izan zen, baina duela dozena bat urte. Garai hartan, BBK-k antolatzen zuen Mendi Astea Euskalduna Jauregian, eta garai epiko eta erromantikoetako pisuzko protagonistak etortzen ziren. Arratsalde batean hantxe izan ziren Edurne Pasaban eta Juanito Oiartzabal ere, Al filo de lo imposible saioko zuzendaria zen Sebastian Alvarorekin batera. Hitzaldia amaitutakoan lagun guztiak bildu ginen bazter batean entzundakoa komentatzeko eta ahaztuta geneukan besarkadaren bat emateko ere. Hantxe egokitu zitzaidan, nire ondoan, emakume japoniar txiki bat. Elkarri begiratu eta “hello” esan nion, berak buruarekin kortesiazko keinua egiten zidan bitartean. Berriz begiratzean “I´m Junko” esan zidan. Neuronen arteko sinapsia lehertu zen nire buruan: “Junko? Junko Tabei?”, nik flipaturik, eta berriz, buruaren keinuaz batera, “bai”, berak.
Apaltasuna eta lasaitasuna zerizkion Everest mendia eskalatu zuen lehen emakume aitzindari haren begiradari, eta hala gogoratzen dut nik bederen, minbiziak eraman duen aste honetan.
Unibertsitatean zegoela Japoniako Ladies Climbing Kluba antolatu zuen, eta 1970ean, Annapurna III (7.555 m) igo zuen linea berri batetik. Bost urte geroago, Emakumearen Nazioarteko Urtea izendatu zuten hura, eta Nepalek 15 emakumeren espedizio bati Everest altuena eskalatzeko baimena luzatu zion. Ez zen espedizio erraza izan. Elurrolde batek kanpamentu bat arrasatu zuen, baina arazoak arazo, zorioneko eguna heldu zen, eta Ang Tshering sherparekin batera, 1975eko maiatzean, punturik gorenera zapaldu zuen Junkok. Lehen gizonak munduko mendirik altuena zapaldu eta 22 urte beranduago, Everestera igo zen lehen emakume bilakatu zen.
Harrezkero, bere bizitza eta mendia ezinbestez uztartu ziren, eta munduko herrialde bakoitzeko mendirik altuena igotzeari ekin zion. 2008ra arte (proiektua abandonatu behar izan zuen unean), munduko 56 herritako tontorrik garaienak eskalaturik zituen.

Duela lau urte minbizia diagnostikatu zitzaion, baina halarik ere, uda honetan Fuji mendian izan zen azken aldiz. Bizitza eta mendia, eskutik.

BABESLEAK

BABESLEAK