2014/06/23

PAIJUKOAK

Gaur atera da koadrilla. Animo eta gozatu!

2014/06/19

WOPEAK

WOP Peak. Hiru horma eder eta zail. Hiru mendi. Hiru alpinista. Proiektua asmo handikoa da, Alberto Iñurrategik, Juan Vallejok eta Mikel Zabalzak –egungo sokaldi indartsuenetako bat– bide berriak edo inoiz gutxitan errepikatuak eskalatu nahi baitituzte Himalayako eta Karakorumeko hiru menditan. Tentuz aukeratu dituzte mendiok, duten edertasunagatik eta zailtasunagatik, horrek pizten baitie ilusioa eta gogoa. Esploratzeak, ezezagunean barneratzeak eta aurreko mugetatik pixka bat harago joateak. 2014ko uda: Paiju Peak mendiaren (6.610 m) hego aurpegia, Karakorum, Pakistan. Paiju Peak Baltistan eskualdean dago (Pakistan iparraldean), Karakorumeko mendirik garaienak biltzen dituen lerroaren hegoaldean. Mendiak osagai guztiak ditu maila goreneko alpinismoa egiteko: 1.000 metrotik gorako harkaitzezko beso eta ezproi birjinak eta pasarte mistoak eta izotza tartekatzen dituzten mendi‐hegal tente‐tenteak gailurrera bidean. 2013ko udan, ondo baino hobeto jabetu ziren hiru alpinistak Paiju Peaken zailtasunaren neurriaz: lehen barneraldi hartan, mendiaren pilare nabarmenenaren 500 metro eskalatzea lortu zuten. Saioak 8 egun iraun zuen. Eguraldiak galarazi zien gorago joatea, eta jaitsiera izugarri zaildu zien, horma oso baldintza makurretan geratu baitzen. Hormara iristeko biderik egokiena aurkitzea ere ez zen batere erraza izan, serac erraldoiek eta harkaitzezko pilareek gotortzen baitute mendia. Orain badute Paiju Peaken berri, eta, horregatik, aurpegi horri buruz ikasitako guztia aprobetxatu nahi dute hiru alpinistek; horrelako zailtasun eta neurriko horma bat erdizka uztea ez liokete barkatuko beren buruari. 2015eko udaberria. Jannu mendiaren hego aurpegia (7.710 m), Himalaya, Nepal. Alpinista ororen ametsa. Estetika ikusgarria, kokapen urrun eta bakartua eta altuera, horra mendiaren erakargarri nagusiak. Jannu Nepaleko ipar‐ekialdeko muturrean dago, Kangchenjunga mendigunetik hurbil. 2015eko udazkena. Cho Oyu (8.201), Himalaya, Tibet (Txina) eta Nepal. Gogorra eta konpromiso handikoa da hain mendi altuetan bide teknikoak estilo alpinoan eskalatzea. Cho Oyu aski ezaguna da mendi giroan. Munduko seigarren gailur garaiena da. Nepal eta Tibet arteko mugan dago, Everestetik 20 km mendebaldera, eta Nangpa La igarobidetik (5.806 m) oso hurbil.

BABESLEAK

BABESLEAK